*Aunque mi idioma por este canal suele ser el castellano, el proceso y la vivencia de este relato es en euskera. Cuando un proceso se da en un idioma, traducir-lo, es profundamente complicado e innecesario. De todas maneras, si te apetece leer la traducción al castellano, la encuentras AQUÍ.
3 edo 4 asteren ostean, gaur berriz ere eguzkia ageri da zeruan. Ikaragarria izan da. Ura. Ura denbora guztian. Haizea ere fuerte ibili da. Gaur ordea, zerua urdina dago -behingoz- eta eguzkiak, nire hezurrak berotzen ditu. Balkoitik idazten dut, oraindik pijaman. Oraindik ez naiz dutxatu, ez dut nahi urak bizitutakoa eramatea. Oraindik ez.
Atzo izan zen Perfoa. Emanaldia. 3 orduko entsegu baten ostean, ateak ireki ziren eta gu ikustera zetozen pertsonak aretoan sartu ziren. Kaxak, mikroak, kristalezko poteak, testuak, horizonteak, ura. Denak ginen. Egon behar ginenak. Bertan dagoeneko ez zeudenak ere, bertan ziren. Ni bertan egotea, mirari bat izan zen. Nik neuk ere ez nuen espero. Baina hala izan behar zuen, eta halaxe izan da.
Badira faktore garrantzitsuak, eta ezinbestekoak, ni han egon ahal izateko: Kideak, bidaide berezi ezezagunez osatutako taldea, eta bidelagunak, gidariak, maitagarriak diren Izaro eta Ageda. Argi dago horrelako bidai bat ez dela lidergotza on (feminista, zaindua, ez-ikusgarria ere irakurtzen dakiena) bat gabe egiten. Bereziki, aurretik ‘horrelakorik’ (performance bat, alegia) egin ez duenarentzat, ni neu, besteak beste.
Saioetan zehar igarotakoa oso zaila da hitzekin adieraztea. Ia-ia gure artean gure izenak oroitu gabe, gorputzek bazekiten zer eta nola egin behar genuen dena. Bai, dena. Buruek amore ematen zuten une horretan (batzuetan lehenago, besteetan beranduago) agertu da magia behin eta berriz. Ez da kasu isolatu bat izan eta ederra izan da honen konplize izateko aukera izan izana. Ederra.
Momenturen batean pentsatu nuen ni nintzela bakarra nire buruarekin borroka gogorrean zebilena. Baina ez, hau ere, kolektiboa da. Buruak, besta perla batzuen artean, tontakeri galanta zela egiten ari ginen guztia esaten zidan behin eta berriz. Perfooooo, performanceeee = tontakeria. Oso gogorrak izan dira barruan entzun ditudan esaldiak, sinismen zurrunak eta aurreiritziz beterikoak guztiak. Baina, lasai egoteko esaten nionean, aldiro, gorputzaren hizkuntza entzuteko aukera izan dut.
Gorputzaren hizkuntza bada (ere) urarena. Ezin dugu ahaztu %70a baino gehiago urez osatuak gaudela. Beraz, intuitiboa da pentsatzea, behin boterea buruari kendu diogula, gorputzak badakiela hitz egiten, eta asko duela esateko.
Prozesu honen baitan, gustatzen zaizkidan (eta nik neuk ere praktikatzen ditudan) lidergotzaren oinarri berritzaile eta eraldatzaileak sentitu ditut. Jaso ditut: Taldearen babesa, espazio segurua, denbora lasaiak… Emozio guztiak aitortzeko ekosistema osatu dugu elkarrekin, basatia eta garai hauetan ezinbestekoa den zaurgarritasuna kontenitzeko -besarkatzeko- espazio-denborak izan dira.
Azken aurreko saioan, ia amaieran, performancea (benetan) egingo genuela hitz egin genuenean, nire zangoek ateratzera eraman zidaten. Ezin nuen gehiago, nire barneko pareta gogor eta harritsu batekin topatu nintzen. “Aski da Enara, goazen hemendik! Ze demontre ari zara? Mundua pikutara doa, hau ez du inork ulertuko, perfoak ez dira politikoak, ridikuloa da dena! Ospa hemendik!!”. Argitasunez entzun nuen esateko nuen guztia, eta lasaitasunez, etxera abiatu nintzen.
Hor hasi zen benetako bidaia. Edo hobe esanda, meta-bidaia. Barneraino eraman didana. Gure Bidasoa erreka maiteak, ibai amaieran dituen limo guztien barruan sartzera gonbidatu nauena. Eta bertara joan naiz. Nire barrenak txukuntzeko konplize izan dut Ageda. Audio luzeak partekatu ditugu, lagungarri izan zaidan nire idazketa prozesua ere. Beldurra, (ez)politizazioa, lotsa, (ez)ulergarritasuna, gorputza eta buruaren dikotomia… nire ignorantzia ilun guztia berarekin partekatu ostean, zerbait askatu zen (ongi oroitzen dut egun hura, urte hasiera zen eta Altsasun nengoen bertako ‘Mila urteko haritzen basoa’ bisitatzen). Berak dena jaso eta besarkatu zuen, konpost bilakatuz.
Lanketa sakon horren ostean, asteak igaro ziren. Guztia forma hartzen zihoan nire barruan. Ni eroso sentitzeko moldatu zuten ere emanaldia, edo hobe esanda, nire deserosotasun guztiak, perfoaren parte bilakatu ziren.
Bizitzarekiko zuzeneko erresilientzia ariketa izan da. Oso inspiragarria. Ez-ikusgarria den uraren zikintasun guztiak, bizitza bilakatzen diren une magiko horietako bat. Nire barruan -eta taldean-, nire tokia agertzen zihoan. Bitarte honetan, gogora etorri zitzaidan behin eta berriz, bizitza bera performance bat dela, eta gorputzaren erregistro berriak deskubritzea, barruko zirritu ezkutuak topatzea, deserosotasunak a-traves-atzea, ezinbestekoa dela ni neu ere, erresilientzia ariketak egiten jarraitzeko. Alegia, kapitalismoaren baitan gorpuztuak ditudan kapa zurrun, gogor eta bizitzaren kontra doazenak, Bizitzaren alde jartzeko.
Perfoaren momentu batean, prozesuan zehar, idazketa automatikoa eginez kideon gorputzetatik atera ziren hitzez osatutako ondorengo testua irakurri nuen:
Aurrekoan nire NAN berritu nuenean atenditu zidan poliziaren begirada itsatsi zait.
NIE. NAN.
Bi sigla. Bi ertz.
Bidasoa ibaira gorputzak bota dira. errepresioak bultzata lehen, goseak bultzata orain. Ezkiak konplize direla.
Aste honetan gazte bat jauzi da ihesi zihoala. Hemengoa ala hangoa, etxekoa ala kanpotarra. Gutxi batzuen mesedetan egin da banaketa.
NIE. NAN. NI.
Performancea. Nola ahoskatzen da? Perrr formans já
Baño ze fundamentu?! Mundua erotzen ari dela… Performancea.
Perfo-perfo-PERO
NI. NIE. NAN.
Inoiz ohartuko al gara uraren garrantziaz…
Begiratu berriki beti bertan egon dena.
Uraren boterea. Afektuak eta politika. Elkarren jarioa.
NIE— NAN— NI!
NI-tik, NIE-tik, GU-RA
(NIE—NAN—NI!)
(lur azpitik)
(ur bide ezkututik)
Guk edaten dugun uretan itotzen da jendea
NI! NIE! NAN!
Ezin dut jasan.
(pausa)
Ezin dut jasan hainbeste indarkeria halako toki ederrean.
(pausa luzea)
Gaur, hemen, eguzkitan, aste hauetan botatako ura gogoratuz, oso eskertuta sentitzen naiz. Atzo gauean, etxerako bidean emanaldiaren ostean, gure Bidasoa maitea ikusi nuen Santiago auzoan. CBAn nire ur botila urdina bete nuen, eta prozesua ixteko, errekara jauzi nuen txorrotada bat. Ikustera etorritako lagunak gogoan, nire gorputzari ohorez, eta bidaide marabillosoak izan diren taldekide zein gidariei bizipena bihotzez eskertuz.
Gaur, nire barne urak goxo daude, irribartsu. Egin dugu (Egin dut!). Burua eta diskurtsoak eta idei mentalak eta aurreiritziak eta deskonfiantzak eta… uneoro irabazten duten jendarte honetan, gorputzei hitz egiteko aukera ematearen iraultza gorpuztu dut. Nire barne urek, urmaela berri horretatik igaro dira, barnean espazio berri bat sortu didatelarik. Ez dut sekula bizipena ahaztuko.
Eta orain bai, banoa dutxara.
Enara I. Dominguez
2026ko otsailaren 21
